XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikastetxean ardazturiko prestakuntza adibide bat

Nekane González Ardeo

Biteri-Zuhaizti Eskola Publikoa

Ikasturte honetan Hezkuntza Administrazioak Prestakuntzarako Egitamu Intentsiboaren (PIF/PEI) bidez Ikastetxean Ardazturiko Prestakuntza Planen (focalizada) generalizazioari ekin diola ikusirik, Plan hauen hastapenetan (1990/91 eta 91/92) Donostiako Biteri-Zuhaizti Eskola Publikoak jarraitutako bidea adibide bat izan daitekeela, eta ikusitako zailtasunak eta egindako balorapenak azaltzea, hildo honetatik abiatu direnei hausnarketarako pistak eman diezaizkiela deritzogu.

Nola ulertu dugun eskolan ardazturiko prestakuntza

Ikastetxe bakoitzean Prestakuntza Plana ardazteak Prestakuntza Eredu aldaketa bat suposatzen zuela ikusi genuen.

Argi zegoen ikastaroetan oinarritutako aurreko Prestakuntza eredua ez zela berrikuntzarako pizkarria izan.

Gizabanakoek, iniziatiba pertsonalarengatik, zenbait arlori buruzko prestakuntza ikastaroetan parte hartzen zutenean, oro har ez zuten bere eskolaren egoerari buruzko elementu praktikorik aurkitzen eta bestalde, eskolara itzultzerakoan edozein berrikuntzari hasiera emateko bere burua bakarrik ikusten zuten.

Dena den, eredu berriaren lehenengo urratsak izanik, ez zegoen modu argi batean definiturik.

Hontaz, beste Autonomietan emandako pausuak eta gaiari buruzko azken bibliografia aztertu behar izan genituen eta eginahalean eredua definitu genuen.

Prestakuntza eredu berri honetan taldearen prestakuntza planifikatzen da, dauden behar formatiboak kontutan hartzen dira, prestakuntza kontestualizatzen da, taldearen neurrira egiten da.